judimendi -en artxiboa

MARTXOAK 13, ‘SHORTBUS’

Posted in AISIALDIA, KULTURA with tags , , , on 10 martxoa 2011 by kalegorrian

Igande honetan (martxoak 13), ‘Shortbus’ pelikula izango dugu Judimendiko herri zineman. 11-S osteko New York hirian, Shortbus izeneko lokal batean kokatzen da istorioa. Bertan, sexua eta kultura alternatiboa uztartzen dira. James eta Jamie bikote homosexual bat dira, eta euren harremanari bizia emateko hura irekitzea pentsatzen dute. Horretarako Sophiarengana doaz, inoiz orgasmorik izan ez duen ezkondutako sexologoa. Aholkuen bila joan dira, baina Sophiari Shortbusera joateko gomendioa ematen amaituko dira…

Sexualitatea, identitatea, askapena, frustrazioa, harremanak, orgasmoak… Pelikula honen gaietariko batzuk besterik ez dira. Aukera paregabea beraz, momentu batean gelditu eta geure buruari galdera ugari egiteko. Ausartzen zarete?

OTSAILAK 27: ‘La Noche de los lápices’

Posted in AISIALDIA, ERREPRESIO, KULTURA with tags , , , , on 25 otsaila 2011 by kalegorrian

Igande honetan, otsailaren 27an, ‘La noche de los lápices’ pelikula argentinarraren txanda da Judimendiko Herri Zinemako bigarren emanaldian. Pelikula honetan, Argentinako diktaduraren krimen ospetsuenetako bat ezagutzeko aukera dugu, ‘Arkatzen gaua’ edo ‘La noche de los lápices’ gisa izendatu zena. 1976 urteko irailaren 16ko gauean zehar, La Plata hirian (Argentina) sekundariako 10 ikasle bahitu, asteetan zehar torturatu eta kasu batzuetan desagerrarazi zituzten, autobuseko deskontua eskaintzen zuen boletoaren alde mobilizazio ezberdinetan parte hartu ostean. Urte batzuen ostean, gau hartan bahitutako baina bizirautea lortu zuen gazte baten testigantzari esker, Argentinako diktaduraren kapitulu ilunenetarikoa argitu ahal izan zen, liburu bat eta esku artean dugun pelikula hau sortu zirelarik.

Gure herrian, eta zehazki gure auzoan gazte askok eta askok pairatu behar izandakoak ez dira Argentinako diktadura beltz hartan gertatutakoetatik oso urrun. Igandeko bideoemanaldia izan dadila omenaldi hirukoitza: pelikulan omenaldia jasotzen duten ikasle jator eta eskuzabal haientzat; baita mundu osoan injustizia eta errepresioa jasan behar izan duten guzti horiei; eta, bereiziki, Judimendiko gazte errepresaliatu guzti guztientzat. Muxu handi bat zuentzat!

OTSAILAK 13: ‘Piztera!’

Posted in AISIALDIA, KULTURA with tags , , , , , , on 7 otsaila 2011 by kalegorrian

Judimendiko Herri Zinemako lehenengo emanaldia izango dugu igande honetan, otsailaren 13an, alegia. Iruñerriko okupazio mugimendua defendatzen eta bultzatzen duen ‘Iruñerria piztera goaz!’ ekimenak, Eguzki Bideoak proiektuarekin elkarlanean, ‘Piztera!’ dokumentala prestatu zuen, Iruñerrian 1985-2007 bitartean izandako okupazio esperientziak jasotzeko.

Igandean, dokumental honen atal batzuk ikusiko ditugu, ondoren eztabaidatzeko eta Judimendiko Gaztetxea lortzeko bidean atera ditzakegun irakaspenak ateratzeko. Ziur interesgarria izango dela Iruñerriko lagunen esperientziaren berri izatea: gune askeen aldeko borroka eta ondoriozko errepresio neurrigabea… oso urrun geratzen ez zaigun istorioa.

+INFO: «Piztera!»: Una mirada a 20 años de lucha por conseguir un espacio libre [GARA]

Beraz, badakizue: bidali igande aspergarri ta sofa-zale horiek pikutara eta… ETORRI JUDIMENDIKO HERRI ZINEMARA!

JUDIMENDIKO HERRI ZINEMA ANTOLATZEN HASI GARA

Posted in AISIALDIA, FORMAKUNTZA, KULTURA with tags , , , , on 2 otsaila 2011 by kalegorrian

Aspaldiko ideia berreskuratu, eta hurrengo astetik aurrera (otsailean, martxoan eta apirilan momentuz, eta ekimenarekin jarraitzeko intentzioarekin) Judimendiko Herri Zinema antolatzeari ekingo diogu. Beti bezala, gazte lokal baten falta dugu auzoan, beraz, Auzo Elkartean izango dira emanaldiak, hilero bi igandetan (hots, bi astetan behin). Arratsaldeko 18.00etan izango dira saioak, tartean pelikula bakoitzaren inguruko eztabaida izateko aukerarekin.

OTSAILAK 13. ‘Piztera!’ (Iruñerriko okupazio mugimenduaren inguruko dokumentala)

OTSAILAK 27. ‘La noche de los lápices’ (Gazte eta ikasle mugimenduaren aurkako errepresioa Argentinako diktaduran. Oso pelikula interesgarria eta hunkigarria…)

MARTXOAK 13. ‘Shortbus’ (Sexu askatasuna, genero identitatea, orgasmoak, etab.)

MARTXOAK 27. ‘Libertarias’ (Emakume anarkisten borroka frankismoaren aurka)

APIRILAK 10. ‘Réquiem por un sueño’ (Drogekiko menpekotasuna eta ametsen hilketa)

APIRILAK 24. ‘Los edukadores’ (“Kapitalistak, zuen oparotasun egunak amaitzear daude”… Kapitalismoa borrokatzeko, irudimena!)

Gainera, igandero 19.30etan (herri zinema dagoen egunetan beharbada ordutegia atzeratuko bada ere) Sefarad Plazan, beti bezala, biltzen jarraituko gara, gazte asanbladaren kanpaina berria martxan jartzen hasteko, eta ahalik eta laisterren gaztetxe berri bat eskuratzeko…

ANIMATU ETA PARTE HARTU!

MARINA ASKE!

Posted in ERREPRESIO, GZT MUGIMENDUA with tags , , , , on 27 urria 2010 by kalegorrian

Marina Sagastizabal, 10000 euroko fidantza ordaindu ostean libre gelditu da, Grande-Marlaska epailearen erabakiaz. Atzo epailearen aurretik pasatu ziren beste 9 gazteak (aurreko egunean beste lau gazteak bezala), tartean Igarki de Robles gasteiztarra, espetxeratuak izan ziren. Laister izango dugu, beraz, Marina besarkatzeko aukera. Ongi etorri Marina!

Artikulu hunkigarria: La Barceloneta, Winston Churchill y las 6 de la mañana

MARINA ETA BESTEAK ASKATU!

Posted in ERREPRESIO, GZT MUGIMENDUA with tags , , , , , , , , on 24 urria 2010 by kalegorrian

Grande-Marlaska epaile faxistaren bitartez, eta Rubalcabaren aginduz, euskal gazteriaren aurkako eraso berri bat izan dugu aste honetan. Eta azken aldian ohikoa izaten ari den bezala, erasoaldia gure auzoan ere oihartzun gordina izan du. Bahitutako gazteen artean, Judimendiko Gazte Asanbladako kidea den Marina Sagastizabal dago. Lehenik eta behin, besarkada bero bat bidali nahi diogu Madrileko ziega ilunetan dagoen bitartean (baita Igarkiri ere, Gasteizen atxilotutako beste gazte bati). Aupa zuek!

Atxiloketak SEGI gazte erakunde independentistaren “kupula” berrosatzearen akusaziopean eman dira. Baina Marina Bartzelonan zegoen ikasketak burutzen…

Judimendiko Gazte Asanbladak atxilotutako gazteen askatasuna exijitzen du, eta hurrengo egunetan burutzen diren protesta eta mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu eskubide zibil eta politiko guztien alde, atxilotu guztien egoeraren berriak ailegatzen diren bitartean.

Momentu honetan dugun informazio bakarra atxilotuak inkomunikazio egoeran daudela eta epaileak tortura ekiditeko gutxieneko neurriak ukatu dizkiela da.

MARINA, ANIMO, ZUREKIN GAUDE!

ATXILOTUAK ASKATU!

UTZI BAKEAN EUSKAL GAZTERIA!

* Ikusi SEPC-en (Sindicat d’Estudiants dels Països Catalans) oharra

GAZTE EGUNEKO ARGAZKIAK

Posted in AISIALDIA, ERREPRESIO, GZT MUGIMENDUA, KOMUNIKAZIOA with tags , , , , , , , on 20 urria 2010 by kalegorrian

Azken aldian webgunea pixkat abandonatuta izan dugun arren, zenbait nobedade baditugu. Aurreko albistean azkenik eskuragarri duzuen azken materialari buruz aritu izan bagara, oraingo honetan atzerago joaten gara, aurtengo Gazte Egunera (ekainaren 19an), hain zuzen ere, eta orduko argazkiak eskaintzen dizkizuegu.

TRIKI POTEOA. Madrugatzea kostatu bazen ere, pixkanaka jendea poteora hurbilduz joan zen Urduñako gure trikitilari maiteok auzoa girotzen zuten bitartean.


GAZTE BAZKARIA ETA POTEOA. Eguerdi aldera, herri bazkariak jende andana bildu zuen Sefarad plazan, eta ondoren, egitaraua erortzearen ondorioz, gazteok hain ondo egiten dakigunari ekin genion: poteoari, alegia (aaaayyy…).

MANIFESTAZIOA. Gazte ugari irten ziren konpainia polizial itogarri batekin batera, hain zuzen ere, auzoko indar errepresiboak auzotik alde egitea aldarrikatzeko.


EKITALDIA. Ekitaldia burutzen zen bitartean, euskal preso politikoen argazkiak hain gustoko dituzten lagunak agertu ziren, auzokideen mespretxu oihuen artean. Justu agertu ziren momentuan, ekitaldiko hizlariak adierazpen askatasunaren aurkako “garbiketa” kanpaina salatzen zegoen, eta “Indar errepresiboak auzotik at!” indartsu batekin amaitu zuen. Ondoren, kontzertuak izango ziren.

Nahi baduzu, albuma ikusi.

Eta gainera, argazki galeria eguneratu dugu!